XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Barre-algara bat egin eta senarrari begiratu zion, zeinaren begiak emaztearen soinekotik aurpegira eta ilera miresmenez eta zorionez alderrai baitzebiltzan.

Bi izebek ere gogoz barre egin zuten, Gabrielen arduratasuna olgetagai jakina baitzen beren artean.

-Eskalapoiak! -esan zuen Conroy andreak.

- Hori da azkena. Zorua batere bustia baldin badago, eskalapoiak jantzi behar izaten ditut.

- Gaur ere jantzi nitzala nahi zuen, baina ez ditut jantzi.

Hurrengoan urpekari-jantzia erosiko dit.

Gabrielek urduri barre egiten zuen eta lepoko floka haztatzen zuen lasaitu-beharrez, eta izeba Kate ere ia bi doble eginda zegoen barrez, hain gogoko izan baitzuen txantxa.

Irribarrea berehala aienatu zen izeba Juliaren aurpegitik, eta haren begi pozgabeak ilobaren aurpegira itzuli ziren.

Isilaldi baten ondoren, galdetu zuen:

- Eta zer dira eskalapoiak, Gabriel?

- Eskalapoiak, Julia! -esan zion ahizpak.

- Ene, bada, ez al dakizu eskalapoiak zer diren? Zeraren gainean jartzekoak..., boten gainean jartzen direnak, ezta, Gretta?

-Bai -esan zuen Conroy andreak.

- Gutapertxazkoak. Orain biok daukagu pare bat.

- Gabrielek dio kontinentean mundu guztiak erabiltzen dituela.